Thursday, September 2, 2010


Euskal Herria

Torturaren aurka mobilizatzera deitu dute hilaren 12an

        

«Oso latza izan da». Horiek izan ziren poliziaren esku bederatzi egun inkomunikatuta pasatu eta gero eta hortik gutxira zaurien ondorioz hil zen Joxe Arregi zizurkildarraren hitzak, 1981eko otsailaren 13an.

Branka

AAMren ustez, hitz horiek ongi islatzen dituzte inkomunikatuak direnean atxilotuek salatzen dituzten torturak. Arregik egindako adierazpen horien urteurrenaren kari torturaren aurkako eguna antolatu du datorren otsailaren 13an, 2010. urtean torturaren erabiltzen jarraitzen dutela salatzeko. Bilbon mobilizazioa ostirala 12an izango da eta arratsaldeko 7:30etan abiatuko da PSOEren egoitzaren aurretik (Errekalde Zumarkalean).


AAMren datuen arabera, azken 40 urte hauetan 7.000 herritarrek pairatu dituzte torturak. Iaz soilik, 45 salaketa bildu zituen. Urte osoan, Espainiako Segurtasun Indarrek 131 herritar atxilotu eta inkomunikatu zituen, eta horien herenak torturak salatu zituen. Frantziako Segurtasun Indarrek 43 herritar inkomunikatu zituzten, baina bihirik ez zuen torturarik salatu.


AAMk ez dauka dudarik, Espainiako Gobernuak tortura erabiltzen duela independentziaren aldeko borroka bukatzeko. Horren atzean hiru helburu daude, haren arabera: informazio politikoa eskuratzea, atxilotuen autoinkulpazioak lortzea eta euskal herritarren artean beldurra hedatzea. Azaroan egindako gazte mugimenduaren aurkako sarekadak torturaren «ankerkeria» ederki erakusten du, haren ustez. 35 lagun atxilotu zituzte. Lau izan ezik, beste guztiek jakinarazi zuten kolpeak, poltsa, mehatxuak eta irainak pairatu behar izan zituztela. Emakumeek jazarpen sexuala eta bortxazko mehatxuak salatu zituzten. 35etik 33 espetxeratu zituzten.


Inpunitate osoz


AAMren arabera, joan den urtea bukatu zen bezala hasi da 2010, urtarrilaren lehen egunetan Pello Olano lizartzarrak torturak jaso zituela salatu baitzuen epailearen aurrean. Torturaren bukaera eskatzeaz gain, AAMk salatu nahi du tortura erabiltzen dutenek inpunitate osoz ari direla. Hori ikusirik ere, biltzeko eta hori guztia salatzera ateratzeko eskatu dio gizarteari.